Goimailako mekanizazioko lehen kurtsoa CAF ezagutzera joan da. Askok dakiten bezala, CAF, tren-sistemen ekipoak eta osagarriak hornitzen, diseinatzen, fabrikatzen eta mantentze-lanak egiten dituen nazioarteko enpresa aitzindarietako bat da.

Tren hauen fabrikazioaren lehen urratsean, granailatzeko makinan tratatzen da material siderurgikoa, gainazala garbitzeko, akabera emateko eta gogortzeko. Ondoren, materiala ebaki egiten da, laser edo plasma bidez. Horrela, produktuaren azpiosagaiak prest geratzen dira, galdaragintzako tailerretan muntatzeko.

Honen ondoren muntaia dator. Bertan, alde batetik bogietako xasisak muntatzen dira, soldaketa robotizatua erabiliz. Aldi berean, ibilgailua osatzen duten zati nagusien multzo handiak egiten dira. Horretarako, kaxako multzoak mihiztatzen dira. Kaxak xasisetik, alboetatik eta sabaitik abiatuta muntatzen dira; horiek azpiosagai gisa egiten dira aurrez.

Honekin batera, forjaketa eta ijezketa instalazioetan, gurpilak eta ardatzak egiten dira. Gero, pieza horiek CNC makinekin mekanizatzen dira eta bogie higiarazleak edo eramaileak muntatzeko azken lerrora igarotzen dira.

Mihiztatze-prozesuarekin batera, kaxak pintatu eta gainerako elementuak txertatzen dira:

- Kable elektrikoak
- Komunikazio-sistemak
- Ekipo teknikoak
- Barneko eserlekuak eta piezak

Azken ukituen ondoren, kaxak eta bogieak mihiztatu egiten dira eta ibilgailua muntatuta egon arren, instalaziotik atera atera baino lehen, azken doiketa eta frogak egiten zaizkio.

Hemendik eskerrak eman gurekiko izan duten begirune, harreta eta emandako azalpenengatik.